Zarauzko Surf Eskolaren itxiera

Uda honetan, oraindik ikastaroak emango ditugu, Irailean ordea, 25 urteren ostean, eskolako ateak itxiko ditugu.
Zarauzko surf eskolak. 2003. urteko udan, Prestigge ontzia hondoratu ostean eskola itxi genuen ikastaroak behar bezala emateko baldintzak ikusten ez genituelako. Orain ere gauza bera egingo dugu.

1966. urtean hasi zen Jo Moraiz surf ikastaroak eskaintzen Biarritzen eta Europako lehen Surf Eskola ireki zuen. 25 urte beranduago Zarauzko Surf Eskola sortu zen. Sorreran, Jo Moraiz bera eredu izan genuen eta ireki aurretik beregana joan ginen aholku eske. Beste 25 urte pasa dira eta egun eredu eskasagoak oinarri hartzeko eskatzen zaigu. Antza, mailaz jaitsi beharra dago mailara egoteko. Gu ez gaude prest hainbeste urtetako ibilbidea egin ostean, orain, gauzak trakets egiten hasteko, beraz adio esateko momentua iritsi dela uste dugu.

Urte guzti hauetan helburuak finkatu eta berauek lortzeko lanean aritu izan gara. Iparra, munduari begira izan dugu eta puntako ereduetatik ikasten saiatu gara. Guztia euskaraz egin dugu, euskaldunak garelako, eta mundua Euskal Herritik begira ikusten dugulako. Bidean bitartekoak sortu eta ikasleei tresnak eskaintzen ere saiatu gara, besteak beste bi DVD, liburu bat eta Surf gida bat argitaratu ditugu. Gure ustez egokienak diren baloreak sustatzen saiatu gara, horrek eman dio bere izaera eskolari.

Ogi bide duin bat osatzera bidean urrats garrantzitsuak eman direla uste dugu, baina egun eskolak baino marka izenak gailendu diren honetan, lekuz kanpo ikusten dugu gure burua. Monitore egokiak eta esperientziadunak baino, enpresarentzat egoki izango diren langile gazteentzako eredu bat eraiki da. Adibide gisara, bi hilabetetan behar bezala formatzeko saiakerak egiten dituen Euskal Herriko Federazioaren tituluak baino indar handiagoa dute egun gutxitan ateratzen diren titulu arrotzek. Horrela oso zaila da surf irakasle profesional moduan haztea eta errelebo duin bat bermatzera.Bestalde eredu pribatua publikoaren gainetik dago. Aspaldi hasi genuen eredu publiko baten aldeko bidea, baina inork gutxik entzun gaitu. Zarautzen izan diren udal gobernu desberdinei igorri izan diegu gure “proposamen integrala” (irakurri nahi duenak HEMEN dauka), baina inoiz ez dugu zuzenean erantzunik jaso.

Orain, eredu komertziala, azalekoa, nortasun eta ardurarik gabekoa gailendu dela uste dugu eta eredu horri eutsi behar omen diogu. Barrutik ezagutzen dugu eredua, nahi edo ez bertan izan baikara gu ere, baina besteengandik bereizteko ordua iritsi delakoan gaude, bestela ez litzateke koherentea izango. Balet dantzari profesional bat oholtzara igo eta Trash-metal abesti bat jarriko baliote bezala da, zerbait dantzatu ahal izango du, edonork egin dezake, baina bere lan eta esfortzuak beste norabide batean bideratuak ditu.

2003. urteko udan, Prestigge ontzia hondoratu ostean eskola itxi genuen ikastaroak behar bezala emateko baldintzak ikusten ez genituelako. Orain ere gauza bera egingo dugu, baina betirako. Beraz, uda honetan, oraindik ikastaroak emango ditugu, baina udal araudiko orduetatik kanpo, hau da, goizean goiz eta arratseko azken orduetan. Irailean ordea, 25 urteren ostean, bere ateak itxiko ditu Zarauzko surf eskolak. Gure ikasleei beti esan izan dieguna egitera goaz, alegia, norberak bere bidea, ilusioz eta erantzukizunez. Mila esker urte guzti hauetan gurekin izan zareten guztioi.

Leave a Comment


Fatal error: Cannot redeclare inc_page_flex_slider_settings() (previously declared in /home/surfesko/www/WordPress3/wp-content/themes/inceptio/page-header.php:6) in /home/surfesko/www/WordPress3/wp-content/themes/inceptio/page-header.php on line 6